Hilabete honetan Elhuyar eta PuntuEUSek webguneak euskaratzeko tresnak garatzeko lankidetzaren berri eman dute. Horri esker, Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoa WordPressen txertatuta egongo da, plugin baten bidez, eta itzulpen automatikoak egingo ditu.
Zerbitzua .eus domeinua duten webguneen eskura dohain jarriko da zuzenean eta .eus domeinua ez duten webguneei ere, zerbitzua eskainiko zaie.
Iametzan ekimen honekin bat egin nahi izan dugu. Gure bezeroei zerbitzua eskaini eta azaltzeaz gain, egiten ditugun garapen propioetan itzultzaile automatikoak ere garatuko ditugu eta garapenak komunitatearen esku utziko ditugu.
PHPn oinarritutako neurrira egindako garapenetan ere itzulpen teknologia txertatzea da Iametzaren asmoa
Komunikazioa eta teknologia uztartzen dituen enpresa gara eta gure jarduna euskara gaien inguruan mugitzen da ehuneko handi batean. Euskara eta baliabide digitalen gaia gure eguneroko gaiak direnez eta mota hauetako berrikuntzak beharrezkoak direla ulertzen dugunez, ekimen honen balioa ikusi eta horrekin bat egin nahi izan dugu.
Gure aldetik, lehenengo urratsa .eus domeinua eta WordPressa duten bezeroei zerbitzu hau eskaintzea eta azaltzea izango da. Baina WordPressaz gain, Iametzan bezeroen neurrirako garapen propioak ere egiten ditugu, gehienetan PHP lengoaian oinarrituta. Kasu horietarako ere itzulpen garapenak egitea da gure helburua, horiek komunitatearen esku utziz.
Euskararen aldeko ekimena
PuntuEUS Behatokiaren datuen arabera, “Euskal Herrian 162.000 webgune inguru zeuden aktibo 2017an. Haietatik %16k baino ez zuten euskarazko edukia”. Ekimen honekin euskarazko eduki eskaintza handitzea da helburua.
Gainera, “WordPress-en mundu mailako erabilera-tasa %40koa” da, hau da, “Euskal Herrian, 65.000 webgune inguru oinarritzen dira teknologia horretan”. Datu hauek proiektu honen eragin-eremu handiaren adierazle garbiak dira.