Trikitixa elkartearen webgune berria kaleratu dugu

Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen webgune berria publikatu dugu: trikitixa.eus

Trikitixaren ondarea babestea, zabaltzea eta hedatzea da Trikitixa Elkartearen xedea eta horretarako bilketa lana egiten du eta baita hainbat proiektu garatu ere. Beraz, Trikitixa Elkartea bilgunea, jardunaldi eta jaialdi antolatzailea, liburu eta diskoen bilduma eta lehengo eta oraingo trikitilarien arteko zubia da.

Webgune berriak elkartea den guzti hori biltzen eta islatzen du. Horretarako, lau atal nagusitan banatu dugu:

ELKARTEA atalean, erabiltzaileek elkarteari buruzko informazioa, azkeneko albisteak, hiru hilabetero kaleratzen den Altza Porru Buletina eta agenda ikusteko aukera dute. Horrez gain, atal horren barruan ere bazkidetzari buruzko informazioa bildu da.

TRIKITIXA atala trikitixa kontzeptuari berari eskainitako atala da bere zentzu zabalenean: genero musikala, dantza, genero literarioa edota instrumentua bera. Historiako lehenengo datuetatik hasita, atal honek trikitixaren ibilbidea ezagutzera gonbidatzen du erabiltzailea.

Tradizionala da tradizioz egiten dena, errepikatzen dena. Instrumentuari herriak bere berezitasun propioa ematen dionean bihurtzen da herrikoi, berezko, euskal herri doinu. Kanpoko influentziak geure egiten ditugunean, gure moduan, orduan bihurtzen dira herrikoi eta behin eta berriz errepikatzen badira, tradizional.

DENDA atalaren bidez, erabiltzaileak biografiak, diskoak, jardunaldiak eta partitura liburuak erosteko aukera du. Paperetik soinura liburua, duela zenbait urte sortu genuen Zenbakiz trikitixa editorearen paperezko bilduma, bertan eskuragarri dago, besteak beste.

TRIKIPEDIA atala, izenak igartzen duen bezala, txikitixaren Wikipedia da: Kronologia, oinarri musikalak, trikiti testuak, diskografia, taldeak…

Trikitixa, kultur adierazpide gaurkotua

Nahiz eta sarritan trikitixa folklorearekin lotzen den, gaur egun oso modan dagoen euskal kulturaren adierazpen bat da, jende gazte ugari mugitzen duena eta gazteentzat euskal erreferente diren protagonista ezagunak izan dituena eta dituena: Tapia eta Leturia, Kepa Junkera, Esne Beltza, Gose, Huntza edo Koban.

Trikitixaren fenomenoak, gurean 150 urte soilik dituen arren, euskal kulturan aski errotutako kultur adierazpena da. Gaur gaurkoz, Euskal Herriko 7 lurraldeetan du presentzia:

  • Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak esku artean dituen datuen arabera, Euskal Herrian, orotara, 180 trikitixa eskola inguru daude 7 lurraldetan banatuta. Horietatik 51 eskola Gipuzkoan.
  • Trikitixa eskola horietan, guztira, 3.000 ikasle inguru daude matrikulatuta. 2016ko zentsuan, Gipuzkoan 1.529 soinu txiki eta pandero ikasle kontabilizatu ziren.
  • Ikasleen %70 inguru emakumezkoak dira.
Aurreko bidalketa
Iametzak komunikazio proiektu arduraduna behar du
Hurrengo bidalketa
Elhuyar eta PuntuEUSek abiatutako webguneak euskaratzeko ekimenarekin bat egin dugu