Euskarazko tutorialen arteko lehiaketa, egingarriak.eus

Egingarriak.eus maker komunitateak aurten jauzi garrantzitsua eman du eta erabiltzaileen arteko lehiaketa jarriko du martxan. Lehiaketako parte hartzaileek hiru kategoria ezberdinetako erronkak egiteko aukera izango dute: adierazpide artistikoak, teknologia eta gastronomia.

Egitasmo hau euskarazko lehen maker komunitatea izateko helburuarekin jaio zen. Hala, maker (euskaraz, egile edo sortzaile bezala itzuli genezake) desberdinei gune bateratu bat eskaintzeko asmoarekin. Maker filosofia pixkanaka-pixkanaka zabaltzen doa, neurri handi batean joera teknologiko berritzaileei esker. Baina maker mugimenduak Do it yourself (zerorrek egin) mugimenduari erantzuten dio. Hau da, helburua norbera sortzaile bihurtzea da eta edozer izan daiteke egiten den hori. Izan ere, gizakiak bere jatorritik beti izan du gauzak egin edo eraikitzeko beharra (sukaldatu, ehizerako produktuak ekoitzi, arropa…).

Orain komunitatea sendotu eta indartzeko asmoarekin, ikastetxe ezberdinen artean lantzeko lehiaketa abiatuko dugu. Lehen aipatu bezala, hiru kategoriatan banatu ditugu erronkak: adierazpide artistikoak, teknologia eta gastronomia. Kategoria bakoitzak lau erronka ditu. Erronka bakarra edo laurak egin ditzakezue lehiaketan parte hartzeko. Egingarria egiteaz gain, bideoz nahiz idatziz azalpenak eman behar dituzte parte hartzaileek, eta www.egingarriak.eus webgunean ikusgai egon behar dira lehiaketa amaitu baino lehen.

Lehiaketako oinarriak:

– Parte hartzaileek erronka bat egin beharko dute. Gehienez bi erronka aurkeztu ditzake, edozein kategoriatakoak.

– Parte hartzeko adin tartea: 11-13 urte izatea

– Parte hartzaileek bideoz nahiz idatziz azaldu beharko dute nola gauzatu duten erronka

– Banaka nahiz taldeka hartu daiteke parte. Talde 3 partaidek osatuko dute.

Epaimahaiak originaltasuna, jasangarritasuna, azalpenen kalitatea eta azken emaitza hartuko ditu kontuan kategoria bakoitzeko irabazleak aukeratzeko orduan.

Egitasmo honekin Iametzak jakintza librea sustatu nahi du, ezagutza guztion eskura jartzeko kultura, hain zuzen ere. Horregatik webgune honetan argitaratzen diren edukiek Creative Commons BY SA lizentzia dute. Horrek esan nahi du edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratu daitezkeela, beti ere, egiletza aitortzen bada eta zabalkundea baldintza berdinetan egiten bada.

Euskara da sustatu nahi den beste balioetako bat. Webgune osoa euskara hutsez dago eta bertan argitaratzen diren edukien gutxieneko hizkuntza kalitatea bermatzeko, laguntza eskaintzen diegu erabiltzaileei.

Aurreko bidalketa
Teknologiarekin euskaraz komunikatu ahal izateko auzolan digitala abian da
Hurrengo bidalketa
Bilaketa bakarrari buruz hitz egingo dute biharko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietan