Haziak egitasmoa: haurren parte-hartzeak kodea koloretsu bihurtu du

Haziak, disziplina eta entitate anitzeko egitasmoa da. Gizarteko partaideen arteko elkarbizitzan harreman desorekatuak ematen direla ikusirik ( lidergo eta menpekotasun egoerak adibidez) eta egoera horiek haur garaitik kudeatu behar direla jakinik, iraultze prozesua lortu nahi du Haziak-ek, hau dena barne ahalduntzean zein kontzientzia kolektiboaren bitartez.

Oiartzungo Haurtzaro ikastolan ari gara egitasmoa martxan jartzen LH2, LH5 eta LH6ko haurrekin. Guztira lau gai landuko dira:

  • Enpatia
  • Harremanen kudeaketa
  • Norbanakotik talde funtzionamendura eta lidergoa
  • Neska eta mutilen harteko harremanak eta harreman ereduak

Baina haurrak protagonistak diren egitasmo honetan guztiak behar dira, irakasleak eta hezitzaileak, gurasoak eta herritarrak. Hala, hezkuntza formala eta ez formala uztartzen ditu ekimen honek. Guztiok guraso, irakasle edo herritar erantzunkizuna dugu gai honi behar bezalako garrantzia aitortzeko, gure haurrek giza ahalmena garatuz, etorkizuneko egoerei konfiantzaz, sormenez, espiritu kritikoz eta gozamenez aurre egin diezaioten.

Haziak egitasmoak oinarrizko balio eta ezaugarri indartsuak ditu. Besteak beste, anitza da, eraldatzailea, euskalduna, bizia, parte-hartzailea, errespetuan oinarritua eta  haurren hitza kontuan hartzen duena.

Webgunea haurren parte-hartzearekin eraikitzen

Azken ezaugarri horretatik abiatuta, Iametzan oso esperientzia interesgarri baten lekuko izan ginen pasa den abenduan. Jada martxan dagoen webgunean haurrei zuzendutako atal bat egongo da (oraindik publiko ez dagoena, nahiz eta aurki izango den). Atal hori osatzeko hamar haur inguru bildu genituen. Honako hau saio horren kronikatxoa, argazki eta guzti! Emaitza? Kolorez eta mamiz betetako proposamenak, aurki kode bilakatuko direnak!

Goizeko 10:00ak aldera bildu ginen Lasarten, Iametzaren egoitzan. Bilera gela bat egokitu genuen haurrentzat gune erosoago eta atseginagoa lortzeko asmoz.

Elkar ezagutzeko hariaren jolasaren ondoren, 7tik 12 urte bitarteko hamar bat haurrei webgunean aurreikusten genituen elementuak txarteltxoetan banatu genizkien, hormetan itsatsita zeuden orrietan euren konposaketa eta diseinua egiteko eskatuz.

Ideia interesgarriak atera ziren. Esaterako haur gehienek, euren iritzia emateko gunea eskatu ziguten. Begira! Hori ez genuen aurreikusia, baina bai aizue! Arrazoi duzue! Haurrek irakasgai bikaina eman ziguten helduoi, beste behin ere.

Etorkizunean Haziak egitasmoak izango duen APP baten bilaketan Ipad-arekin saltseatseko aukera ere eman genien.

Eta lanaren ondoren, noski otordutxoa!

Amaieran, elkarren artean egindakoari buruzko hausnarketa, iritziak trukatzea, gogoetarako gunea.

Eta familia argazkia!

Milesker:

  • Manex Gallastegi
  • Eneko Villa
  • Oinatz Korta
  • Nara Susperregi
  • Arhane Etxeberria
  • Irati Aizpurua
  • Uxue Aizpurua
  • Amaia Apezetxea
  • Hugo Villa
  • Aritz Oiartzabal
  • Mirari eta Sarai Aldalur (gaixo izan arren, etxean tajuz egin zenute eta lan)

Aurreko bidalketa
Emakumeok ere kodea ulertzen dugu
Hurrengo bidalketa
iametza interaktiboak komertzial teknikoa behar du