Ikus-entzunezkoen azpititulatzean urratsak ematen hasi gara

Garrantzitsua iruditzen zitzaigun euskarazko bideoak euskaraz azpititulatzeko aukera izatea, batik bat bi publiko mota buruan izanik:

"Elebidun pasiboak": hau da, euskaraz ulertu bai, baina hitz egiten ez dutenak. Horiei euskara gehiago gerturatzeko modua izan daiteke, hizkuntzaren entzumena hizkuntza idatziarekin batera uztartuz.

Entzumen edo ikusmen gabezia dutenak: Irisgarritasunaren printzipioetara gerturatzeko baliagarria da. Sarritan webguneek zailtasunak izaten dituzte AA edo AAA irisgarritasun mailak betetzeko eta askotan multimedia elementuek eragiten dituzte honelakoak, zaila baita bideoa produzitzeaz gain, berau transkribatzeko lana eta kostoa norberaren gain hartzea. Azpititulaziora bideratutako tresna batekin ordea, prozesu hau erraztu daiteke.

Azpifilm proiektua asmo handiekin jaio zen: ahots errekonozimenduko teknologian oinarritu nahi zuen. Baina errealitatea bestelakoa da, euskarazko ahots errekonozimenduko teknologia oso maila primarioan dago oraindik.

Oraingoz aurkitu dugun teknologiarik erabilgarriena Vicomtech-IK4 ikerketa zentroan topatu dugu. Baina oraindik teknologia hori ez daukate zerbitzu gisa egituratua eta nahiz eta Azpifilm-ek teknologia horretan oinarrituta, bideoekin lan egiteko aukera eskaintzen duen, oraingoz eurekin harremanetan jarri behar da bideoen azpititulazioa egin nahi izanez gero.

Vicomtech-IK4k bi teknologia mota erabiltzen ditu azpititulazioa egiterako orduan:

Alienamendu teknologia: Testu fitxategi batetik abiatuta, berau bideoarekin sinkronizatzen du.

Ahots errekonozimendu teknologia: makinak bideoak esaten duena ulertzen saiatzen da eta testua itzultzen du.

Bi teknologien artean emaitzarik onenak lehenak ematen ditu, zalantzarik gabe.

Ikusi adibide hauek bi teknologien arteko emaitzak ikusteko

Karlos Zurutuza-ren bideoa alienamendu teknologiarekin.

Karlos Zurutuza-ren bideoa ahots errekonozimendu teknologiarekin.

Horretaz gain, Azpifilm tresnak Dotsub bezalako tresnek egiten duten antzera, bideo bat eskuz azpititulatzeko aukera eskaintzen du, teklatu bidezko komandoak erabiliz, prozesua errazago izan dadin.

Aurreko bidalketa
JEDIBIT
Hurrengo bidalketa
Ihesi Euskal Herriko 7 lurraldeak kontutan hartzen dituen lehen turismo aplikazioa aurkeztuko dugu gaur