Euskal Herriko erdigunea
Euskal Herriaren Erdigunearen kokapena kalkulatzeko masa-zentroaren propietate bat erabili zuen Felix Isasak: gorputz bat edozein puntutatik zintzilikatzean, puntu horretatik marraztutako marra bertikala masa-zentrotik pasatzen da beti.
1:200.000 eskalako mapa komertzial bat euskarri batean itsatsi, bertan Euskal Herriaren mugak marraztu eta ahalik eta zehaztasun handienaz moztu zuen. Ondoren, perimetroko puntu batetik zintzilikatu eta marra bertikala marraztu zuen. Berdin egin zuen lehenengotik 90 gradura kokatutako perimetroko beste puntu batetik. Marraztutako bi marrak elkartzen diren puntua maparen barizentro edo masa-zentroa da. Puntu hori dagoen maparen zatia 8 aldiz handitu zuen, 1:25.000 eskalako mapa lortuz eta handitutako mapa hori inguruko katastroko mapan gainezarri zuen, erreferentzia bezala Unanu, Ihabar eta Goñi herriak erabiliz. Modu horretan aurkitu zuen Euskal Herriko erdigunea Nafarroako Sakana eskualdean dagoela, Andimendi mendilerroko Olibesario saroia izeneko lekuan, Beriain menditik gertu.
Bertan metro erdiko harri bat zutik jarri eta inguruan harriekin zirkulutxo bat egin zituen Felix Isasak. Berria egunkarian argitaratutako artikulu baten bidez eman zuen ezagutzera bere kalkulua. Geroztik zabalkunde handia izan du eta toki ezaguna da mendizaleen artean. Aldarrikapen gune ere bada, azken urteetan Independentistak sareak mendi martxa antolatzen du bertara urrian. Aurtengoa hurrengo igandean, urriak 14an, ospatuko da, lekua ez baduzu ezagutzen aukera polita izan daiteke bertaratzeko.
Udan Beriainera mendi bizikletaz igo nintzenean bertatik igaro nintzen eta kuriositatea sortu zidan. Etxeratutakoan gaiari buruz informazio bila hasi nintzen sarean. Felix Isasak kalkulua ordenagailu bidez ere egin zitekeela aipatzen zuen. Buruari bueltak ematen hasi nintzen eta halako batean Euskalgeoren Shapefile-ak eta QGIS tresna librea erabiltzea bururatu zitzaidan. Laster batean egin nuen kalkulua, oso erraza da. Interesa duenak artikuluaren amaieran aurkituko ditu xehetasunak.
Mapa batean irudikatu ditut Felix Isasak eta nik kalkulatutako puntuak. Erdigunearen kokapena markatzeko harriz egindako zirkuluak ere ikus daitezke horietatik gertu:
Mapan ikus daitekeenez nik kalkulatutako puntua Felix Isasak lortutakotik oso gertu dago, 410 metro inguru bakarrik daude 2 puntuen artean. Desberdintasunak azaltzeko 2 arrazoi ikusten ditut:
- Barne hartutako azalera desberdinak. Berak Eskiula, Jeztaze eta Petilla Aragoi ez zituen kontutan hartu kalkulua egitean, nik ordea bai. Bilboko portua eta itsasadarrak aldiz barne hartu zituen bere kalkuluan baina Euskalgeoko Shapefile-tik kanpo geratzen direnez nik ez.
Hiru herri horiek kendu eta kalkulua errepikatu dudanean lortu dudan puntua are gertuago dago Felix Isasaren emaitzatik, zehazki 175 metrotara. - Kalkuluen erroreak. Felix Isasak bere emaitzak 250 metroko zehaztasun muga duela aipatzen du. Egia esan, ez dakit zein den nik erabilitako metodoaren eta Shapefile fitxategien zehaztasuna baina magnitude-ordena berekoa izango dela suposatzen dut.
Ez naiz aditua, baina hau guztia kontuan izanda eta emaitzak oso antzekoak direla ikusita, nire ustez, Felix Isasaren emaitzaren zuzentasuna berretsita gelditzen da.
Euskal Herriko herrialdeen erdiguneak
Euskal Herriko 7 herrialdeen erdiguneak kalkulatu ditut ondoren Euskalgeoko herrialdeen Shapefile-a erabiliz. Emaitzak mapa honetan ikus ditzakezue:
Arabako erdigunea: Gasteizen hego mendebaldean dago. Kalkulu honek Trebiñu barne hartzen du.
Bizkaiko erdigunea: Galdakaon dago. Kalkulu honek Urduña eta Villaverde Turtzioz barne hartzen ditu.
Gipuzkoako erdigunea: Beizaman dago Aginagamendi auzoan, Urraki mendiko buzotik gertu.
OHARRA: Artikulu hau idatzi ondoren Gipuzkoako erdiguneari buruz ikasi ditudan hainbat kontu artikulu berri batean bildu ditut: Gipuzkoako erdigunea: Felix Isasaren kalkulua, saroi bat eta Goiazko elizako “NP 368” plaka zirkularraren misterioaren argipena (2018-11-26)
Lapurdiko erdigunea: Uztaritzen dago, supermerkatu baten aparkamenduan.
Nafarroa Garaiko erdigunea: Tebas-Muru Artederretan dago, Urraun menditik gertu. Kalkulu honek Petilla Aragoi barne hartzen du.
Nafarroa Behereko erdigunea: Suhuskunen dago. Kalkulu honek Samatze barne hartzen du.
Zuberoako erdigunea: Ozaze-Züharan dago. Kalkulu honek Jeztaze eta Eskiula barne hartzen ditu.
Kokapen hauen koordenatuak artikuluaren amaiera aldera taula batean jaso ditut interesa duenarentzat.
Baiona
Bilbo
Donibane-Garazi
Donostia
Gasteiz
Iruñea
Baionako erdigunea: Atturri ibaian, itsasotik hasita 2. eta 3. zubiaren artean.
Bilboko erdigunea: Kirikiño etorbidearen inguruan.
Donibane-Garaziko erdigunea: Eiheraberri eta Olhonze bideen arteko belardi batean.
Donostiako erdigunea: Miramongo Parke Teknologikoaren eta Oriamendi etorbidearen arteko basoan. Landarbaso, Urdaburu eta Zubieta barrendegiak eta Santa Klara uhartea barne hartzen ditu kalkulu honek.
Gasteizko erdigunea: Pedro de Asua kalearen inguruan.
Iruñeko erdigunea: Pio XII eta Armadaren etorbideen artean, Zitadelatik gertu.
Maule-Lextarreko erdigunea: Herrigunearen hegoaldeko belardi batean, Eihera kale inguruan.
Kokapen hauen koordenatuak artikuluaren amaiera aldera taula batean jaso ditut interesa duenarentzat.
Erdigune geografikoen kalkulua QGIS eta Euskalgeoko shapefile-ak erabiliz
Euskal Herriaren eta bere herrialdeen erdigune geografikoak kalkulatzeko QGIS erabili dut. QGIS software librea da eta doan deskargatu daiteke beren webgunetik. GNU/Linux banaketa bat erabiltzen baduzue bere software biltegian aurkituko duzue. Librezaleri esker euskaraz erabil dezakegu.
Hauek dira Euskal Herriko erdigunea kalkulatzeko jarraitu ditudan pausoak:
- Gaindegiaren euskalgeo.eus webgunetik Euskal Herriaren Shapefile-a deskargatu:
http://www.euskalgeo.eus/eu/node/157 - Shapefile-a QGISekin ireki.
- Menuan Bektoriala > Geometria-tresnak > Poligono-zentroideak... hautatu.
- Irteerako puntuen shapefile-a non gorde nahi den hautatu eta Ongi botoia sakatu.
- Sortutako geruza berriaren gainean eskuin klik egin eta Ireki atributu-taula hautatu.
- Txandakatu edizio-modua botoia sakatu (arkatza).
- Ireki eremu-kalkulagailua botoia sakatu (abakoa).
- Irteera-eremuaren izena jarri, adibidez, X.
- Irteera-eremuaren mota bezala Zenbaki hamartarra (erreala) jarri.
- Adierazpena eremuan $x idatzi eta Ongi botoia sakatu.
- 8-9-10 pausoak errepikatu Y koordenatua lortzeko, $y erabiliz.
Felix Isasak Petilla Aragoi eta Jeztaze esklabeak eta Eskiula ez zituen kontutan hartu bere kalkuluan. Herri horiek kentzeak erdigunearen kokapenean duen eragina ikusi nahi nuen. Horretarako Euskal Herriko udalerrien Shapefile-a deskargatu nuen Euskalgeotik:
http://www.euskalgeo.eus/eu/node/138
Ondoren, QGIS erabiliz aipatutako herriak kendu dizkiot Shapefile-ari eta Bektoriala > Geoprozesu-tresnak > Disolbaketa... erabiliz kanpoko muga bakarrik duen poligonoa lortu eta erdigunea berriz kalkulatu dut.
Kalkulu hauen emaitzak ondorengo taulan ikus ditzakezue:
ETRS89 koordenatu sistemako X eta Y balioak | Longitudea | Latitudea | Felix Isasaren kalkuluarekiko diferentzia | |
---|---|---|---|---|
Felix Isasiren kalkulua |
X: 586.935 |
42,883056 | -1,935556 | — |
Nire kalkulua Euskalgeoko Shapefile-a erabiliz |
X: 587.345,860586973 |
42,883741 | -1,930401 | 410m |
Nire kalkulua Euskalgeoko Shapefile-etik Petilla Aragoi, Jeztaze eta Eskiula kenduta |
X: 587.110,978707479 |
42,883849 | -1,933275 | 175m |
Euskal Herriko herrialdeen erdiguneak kalkulatzeko pauso berberak jarraitu ditut, baina kasu horretan Euskalgeoko Euskal Herriko herrialdeen shapefile-a erabili dut:
http://euskalgeo.eus/eu/node/143
Emaitzen xehetasunak taula honetan aurki ditzakezue:
Herrialdea | ETRS89 koordenatu sistemako X eta Y balioak | Longitudea | Latitudea | Udalerria |
---|---|---|---|---|
Araba |
X: 523.019,704084968 |
42,825474 | -2,718374 | Gasteiz |
Bizkaia |
X: 511.671,204180114 |
43,237972 | -2,856254 | Galdakao |
Gipuzkoa |
X: 565.479,955152936 |
43,143597 | -2,194771 | Beizama |
Lapurdi |
X: 624.949,461228057 |
43,39358 | -1,457162 | Uztaritze |
Nafarroa Garaia |
X: 610.930,360572082 |
42,666106 | -1,646348 | Tebas-Muru Artederreta |
Nafarroa Beherea |
X: 647.336,581683228 |
43,240017 | -1,185314 | Suhuskune |
Zuberoa |
X: 670.578,480981883 |
43,138913 | -0,902527 | Ozaze-Zühara |
Euskal Herriko herrialdeen hiriburuen erdiguneak kalkulatzeko pauso berberak jarraitu ditut, baina kasu horretan Euskalgeoko Euskal Herriko udalerrien shapefile-a erabili dut:
http://www.euskalgeo.eus/eu/node/138
Emaitzen xehetasunak taula honetan aurki ditzakezue:
Hiriburua | ETRS89 koordenatu sistemako X eta Y balioak | Longitudea | Latitudea |
---|---|---|---|
Baiona |
X: 623.994,416713843 |
43,491425 | -1,466484 |
Bilbo |
X: 505.118,250090546 |
43,253503 | -2,936946 |
Donibane-Garazi |
X: 643.455,273391619 |
43,158634 | -1,235465 |
Donostia |
X: 582.101,910100908 |
43,295145 | -1,987863 |
Gasteiz |
X: 525.459,3980772 |
42,850463 | -2,688401 |
Iruñea |
X: 610.253,19603292 |
42,81484 | -1,651391 |
Maule-Lextarre |
X: 671.901,95561712 |
43,215895 | -0,883595 |
Hedabideetan
Artikulua hainbat hedabidetan aipatu dute:
- 2018-10-14 – Sustatu: Euskal Herriko 7 herrialdeen erdigune geografikoak zeintzuk diren
- 2018-10-15 – Urola Kostako Hitza: HARA! Gipuzkoaren erdigunea, Beizama
- 2018-10-15 – Uztarria: Gipuzkoaren erdigune geografikoa, Beizaman, Urrakitik gertu
- 2018-10-24 – Euskadi Irratiko Hiri Gorrian saioa: Elkarrizketa 00:59:57 ingurutik aurrera
- 2018-11-09 – Tolosaldeko Ataria: Gipuzkoako erdigunearen bila
- 2018-11-09 – Gipuzkoako Hitza: Erdigunea, Beizamara
- 2018-11-09 – Urola Kostako Hitza: Erdigunea, Beizamara
OHARRA: Artikulu honen zati batzuk Euskarazko Wikipediako Euskal Herriko erdigunea artikulutik egokitu ditut Wikipediako edukiek duten CC-BY-SA 3.0 lizentziari esker.
Artikulu honek Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia dauka. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, nire egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.