PUNTUEUSek eta IAMETZAk euskararen ekosistema digitala bultzatzeko indarrak batu dituzte. PUNTUEUS, .EUS domeinuaren kudeaketaz arduratzeaz gainingurune digitalean euskararen garapenean garrantzi handia duen erakundea da, eta IAMETZA, teknologia- eta komunikazio-zerbitzuak eskaintzen dituen eta teknologikoa burujabetzarekin eta euskarazko tresnen garapenarekin konpromisoa duen erakundea.
Bi erakundeak lehenago ere zenbait proiektutan elkarrekin aritutakoak diren arren, bien arteko lankidetza estrategiko hau domeinuen eta web-zerbitzarien sektoreko enpresa-kontzentrazio joeraren ondorioz sortu da. Izan ere, merkatuak hartu duen norabideak zailtasunak sortu ditu gaur egun euskaraz dauden zerbitzu eta soluzioei eusteko. Atzerriko enpresa-taldeek tokiko enpresen jabetza eskuratu izanak erabat mugatu du erabiltzaileek produktu eta zerbitzuak euskaraz eskuratzeko aukera.
Egoera horretaz jabeturik elkartu dira PUNTUEUS eta IAMETZA, euskal ingurune digitalean hizkuntza-aniztasuna sustatu eta kalitatezko eta euskarazko zerbitzu digitalak eskatzen dituzten erabiltzaileen beharrei erantzuteko.
LABUR.EUS eta NI.EUS: sendotzea eta eraldatzea
Epe luzeko lan-plan baten lehen fasean, lehenengo ahaleginak NI.EUS euskarazko doako posta elektronikoaren zerbitzua berregituratzera bideratuko dira. Zerbitzu horren berrantolatze- eta finkatze-prozesu integrala gauzatuko da datozen hilabeteetan, dauzkan erabiltzaileen beharrei erantzuna eman eta, proiektua sortu zeneko balioei leial, hazten jarraitzeko. NI.EUS erabiltzailearen pribatutasuna errespetatzen duen euskarazko posta elektronikoko zerbitzua da.
Halaber, hobekuntzak ezarriko dira LABUR.EUS zerbitzuan. LABUR.EUS oso errotuta dagoen url-laburtzailea da, 50.000 erabiltzaile erregistratu eta 500.000 URL baino gehiago dituena.
Lehen urrats hauek gauzatzeko hilabete batzuetako lana aurreikusten da, migrazio lanak tarteko, baina PUNTUEUS eta IAMETZAren ustez, bi proiektuon garapena aurrerapauso nabarmena daa euskarazko zerbitzu digitalak hobetzeko eta modernizatzeko.
Aliantzarekin gustura
Lankidetza honen aurkezpenean, PUNTUEUSeko zuzendari Josu Waliñok lankidetzaren garrantziari buruzko bere gogoetak partekatu ditu: “IAMETZArekin aliantza hau abiatzea urrats erabakigarria da gure euskal gizarte digitala indartzeko. Elkarrekin, euskaraz irtenbide berritzaileak eta seguruak eskaintzeko konpromisoa hartu dugu, gure nortasun digitala sustatuz.”
PUNTUEUSek, euskal gizarte digital hobe baten etengabeko bilaketan, euskararen kohesioa indartu, sareko segurtasuna bermatu eta inklusioa sustatu nahi ditu.
Bestalde, Elisabeth Pombo IAMETZAko zuzendariak aliantza honek Iametzak euskal komunitateari euskarazko tresna digitalak eskaintzeko duen helburua indartzen duela adierazi du: “Iametzak urteak daramatza ingurune digitalean euskarazko egitasmoak sortzen eta sustatzen eta azken urteetan teknologia burujabetzaren bidean apustu sendoa egiten ari da. Besteak beste, Nextcloud bulego birtualeko softwarea bere bezeroei eskaintzen die eta gizartea gai honetan ahalduntzea helburu duten dibulgazio proiektuak ere baditu, urtero antolatzen duen Euskarabildua jardunaldia edo Hodeia Ez da Existitzen burujabetzaren kanala, esaterako”.
IAMETZAk euskal nortasun digitala eraikitzen laguntzeko zerbitzu-enpresa izan nahi du eta aliantza honek misio horretan lagunduko dio, LABUR.EUS eta NI.EUS zerbitzuekin abiatuz, baina etorkizunean domeinuen eta web- zerbitzarien sektorean sakondu eta posizioa indartzeko helburuarekin.
Lankidetza honen lehen aurrekaria Fedibertsoko mastodon.eus instantziaren garapen arrakastatsua izan zen. Proiektu hori beste erakunde batzuekin batera garatu zen, eta bi erakundeek lankidetzaren potentziala hauteman zuten.
Ahalegin bateratu honek PUNTUEUSek eta IAMETZAk hizkuntza-aniztasunarekin, teknologia burujabetzarekin eta euskarazko ekosistema digital sendoa eraikitzearekin hartutako konpromisoa islatzen du.