Tokiko merkataritza sustatzeko bonuak on-line erosteko plataforma garatzen ari gara

Garai zail hauetan merkatari txikiei laguntzeko bonuak sustatzen ari dira udalerri gehienak eta horietako hainbatek salerosketa hori on-line izan dadila sustatu nahi dute. Iametzan zehazki Usurbilgo Udalaren enkargua jaso dugu eta pare bat astetan plataforma digitala prest izatea espero dugu. Online denda bat izango da, non bezeroak diru kopuru baten truke nahi duten establezimenduan gastatzeko bonua eskuratuko duen. Iametzan jakitun gara, Covid-19ak sortu duen egoerak bereziki kolpatu dituela komertzio txikiak eta ostalaritza sektoreak. Hori dela-eta, ekarpen txiki bat egin nahian, mota honetako plataformak garatzen dituzten bezeroei 2020an ostatatze eta mantetze lanak doan eskainiko dizkiegu.

Aipatutako plataforma honetan herritarrak establezimendu ezberdinak ikusiko ditu. Usurbilgo kasuan, establezimendu bakoitzak diru kopuru zehatzeko bonu kopuru bat izango du eskuragarri. Bonuaren %20a udalak ordainduko du, baita transferentzia bakoitzak eragindako komisioak ere eta ondorioz, herritarrak ordaindutakoa baino diru kopuru handiagoa izango du establezimenduan gastatzeko. Herritarrek euren etxetik eta edozein gailutatik eskuratu ahal izango dituzte bonuak eta plataformak automatikoki kalkulatuko du Udalak merkatariari ordaindu beharreko zenbatekoa. Jakitun gara udalerri guztien beharrak ez direla guztiz berdinak izango, baina oinarri teknologiko berdina berrerabili daitekeela uste dugu.

Aurrerago ere erabilgarri

Plataforma edo webgune honen erabilerak gainera ez dauka epe mugarik, alegia, ez dago momentu honetan bizi dugun krisiari lotuta. Aurrerago ere, antzeko kanpainaren bat aktibatu nahi izanez gero horretarako baliagarri izango da eta bestelako kanpaina, beherapen eta abarrak martxan jartzeko aukera eman dezake.

 

Aurreko bidalketa
Noraino joan naiteke paseoan?
Hurrengo bidalketa
Garai berrietan, udal plenoak telematikoki egin eta streaming bidez emititzeko laguntza zerbitzua eskaintzen ari gara