Zikloan aplikazioak eguneraketa berriak aurkeztu ditu Ara!gorputz eta Iametza-ren eskutik

Zikloan aplikazioak jauzi kualitatiboa egin du, Ara!gorputz eta Iametza-ren elkarlanari esker. Proiektu feministak, emakumeen gorputzaren ezagutza sustatzeaz gain, euskarazko eta teknologiaren burujabetzan oinarritutako tresna bat eskaintzen du. Azken eguneraketak Ara! Gorputz-ek egindako ikerketa baten ondorioz garatu dira, non erabiltzaileen beharrak identifikatu eta haiei erantzuna emateko hobekuntzak txertatu diren.

Aplikazioak hainbat berrikuntza jaso ditu erabiltzaileen esperientzia hobetzeko. Diseinuari dagokionez, webgunearen azala berritu da, besteak beste. Erabiltzaileekin komunikazioa hobetzeko helburuarekin, hiru bide berri garatu dira.  Lehenik, pop-up abisuak bidaltzeko sistema gehitu da. Bigarrenik, email bidez jakinarazpenak bidaltzeko aukera zabaldu da. Era honetan, erabiltzaileak jakinarazpenak jasotzeko baimena emanez gero, aplikaziotik mezuak eta oroigarriak jasotzeko aukera izango du. Azkenik,  erabiltzaileak Ara! Gorputz edo Iametzarekin harremanetan jarri ahal izateko, abisuak jasotzeko sistema berria ezarri da.

Erabilgarritasuna hobetzeko asmoz, datu pertsonalak eta zikloaren inguruko datuak sartzeko prozesua errazagoa eta bisualagoa bihurtu da dena pantaila bakarrean eginez. Bestalde, hileroko zikloa ikusteko modua hobetu da, grafiko berriak eta estatistika zehatzagoak eskainiz, erabiltzaileek beren zikloaren jarraipena errazago egin dezaten. Zehazki, erabiltzaile bakoitzak gordetzen dituen ezaugarrien grafikoak gehitu dira, norbere egoerari buruzko ondorioak atera ahal izateko. Era berean, sare sozialetan erabiltzeko irudiak edo sticker-ak gehitu dira. Telegram eta Signal sareetan erabili ahal izateaz gain, guztiak deskargatzeko aukera ere badago.

Azkenik, aplikazioaren garapenaren baitan, erabiltzaileen datuen analisi orokorra egin da, eta horren emaitzekin “Gure hilerokoen ezaugarriei hurbilpen bat” artikulua osatu da. Aplikazioan izena emandako erabiltzaileen datuen azterketatik ateratako ondorio nagusiak jaso dira bertan.  Hala nola erabiltzaileen profila (adin-tarteak, generoa edo lurraldea), hileroko zikloaren ezaugarriak (batez besteko iraupena, erregulartasuna eta sintomak), eta osasunarekin lotutako beste datu batzuk (minaren intentsitatea, emozioak edo energia maila).

Eguneraketa hauek guztiek Zikloan aplikazioa erabiltzaileentzat praktikoagoa eta informazio aberatsagoa eskaintzen duen tresna bihurtu dute. Proiektua Iametzak Ara! Gorputz elkartearekin elkarlanean burutu da, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Zikloan aplikazio berritua probatzeko eta deskargatzeko, bisitatu: zikloan.eus

Aurreko bidalketa
Iametzak VALID-IA proiektuan parte hartu du
Hurrengo bidalketa
Munstro, plastilinarekin egindako euskarazko bideojoko berria