“Asko duenak errazago sortzen ditu baliabide berriak gutxi duenak baino, diruak dirua sortzen baitu” esaldia maiz entzun nien gurasoei gaztaroan. Nire bizitza laborala ia beti euskararen eta euskal kulturaren inguruan garatu izan dut eta garatzen ari naiz eta zin dagit lanean aritutako enpresen urteko irabazia ia beti juxtu antzeko izan dela galerak izan ez direnean. 35 urtean, bizpahiru hilabete kenduta, hilero kobratu izan dugu soldata nik eta garai desberdinetan aritutako lankideek. Gure soldatak ez dira industria manufaktureroan kobratzen direnen antzekoak izan, baina duinak bai; soldataren kopuruari edo zenbatekoari kalitatea elkartu baitiogu beti, hots, lanegunen malgutasuna, lankideekiko harremana, lanean gustura aritzea eta ikastea adibidez.
Euskararen eta euskal kulturaren jirabiran aritzen garenon soldataren zati garrantzitsu batek iturburu publikoa du eta ondorioz gorabehera politikoek zeresan handia izaten dute gure enpresen jardunean. Hortaz, esan beharra dago, azken 30 edo 40 urteetan aurretik existitzen ez zen sektore industrial berri bat sortu dela kultura eta hizkuntza alorrean. Gure enpresetan hasieran zegoen militantziari edo borondateari, lanpostu gero eta normalizatuagoak ari zaizkie lekua hartzen. Transformazio horretan tentsioak izan dira, hainbat funtzionarioren eta politikariren konplizitateak lagundu izan du eta galerak ere, noski, gertatu dira, ezerezak eragiten duen buru astintzea ez da egun garai batean zegoen premiak eragiten zuena izaten.
Hobeto edo okerrago 2016ra heldu gara eta EAEko administrazioak “Industria 4.0” deritzonaren ildoan jarri ditu bere mezu eta baliabide garrantzitsuenak eta energia, biozientziak eta fabrikazio aurreratuak dira diru publikoaren xurgatzaile nagusiak. Euskal ekonomian ardura dutenek oso garbi dute EAEko Barne Produktu Gordinean arestian aipatu ditudan gaiek pisu handiagoa izan behar dutela eta horretarako I+G+b errukirik gabe bultzatu behar duela. Koiuntura horretan euskal kulturan aritzen garen enpresak eta elkarteak jokoz kanpo geratu gara eta etsipena barreiatu da kulturaren eguratsean.
Azken hamarkadetan , egun dugun kultur industria sortzeko eta egituratzeko planteamendu asko egin da sektore publiko eta pribatuetan eta etsipen zein kezka une ugari bizi izan ditut, baina geure sormenari esker, hemendik edo handik lortu izan dugu aurrera egitea. Gure kultur sektoreak lozorroan duen arima esnarazi behar dugu eta ziurren pertsonak eta egiturak eguneratu beharko ditugu, baina aldi berean sinesten hasi behar dugu “Basque Country” lemapean mundura bidali nahi diren “Industria 4.0”ren produktuen oinarrian gu ere bagaudela eta hizkuntza zein kultura etenik gabe sortzen ari garen munduaren abiaduran joateko I+G+b bidelagun banaezinak behar ditugula izan.
Hori sinestean aktibatuko gara eta gure administrazio publikoak aktibatuko ditugu, horietan ere teknokratak ez ezik bidelagun asko egin baititugu hamarkada hauetan.