Euskaraldia lan dinamika digitalean txertatzen

Iametzan euskaraz bizi gara, lankideen artean gure eguneroko hizkuntza euskara da eta baita bezero gehienekin ere. Beraz, gure kasuan Ahobizi izatea ez da ahalegin berezi bat, are gutxiago, Covid aroan, non harreman pertsonalak eta lanetik kanpokoak hain murriztuak ditugunean. Agian horrek bultzatu gaitu aurtengo Euskaraldiari begira zerbait desberdina egitera. Arrate Illaro Topaguneko lantaldeko kideak, Esti Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendariak eta Josu Waliñok PuntuEus Fundazioaren zuzendariak Sarean irratsaioko ‘Ahobiziak eta belarriprestak ingurune digitalean‘ saioan  esan zuten moduan, aurten Euskaraldia une berezian dator, bizi dugun egoeragatik harreman sozialak murriztuta, baliabide digitalak masiboki erabiltzen ari diren garaian, hain zuzen ere. Horregatik bai Euskaraldiaren antolakuntzatik bertatik aurten aipamen berezia egin zaie baliabide digitalei eta horien bidez Euskaraldia sarean nola jarraitu azaldu digute.

Iametzan gure egunerokoan bitarteko digitalekin ari garenez lanean, kontuan izan ditugu aholku horiek. Gainera, euskara eta baliabide digitalen gaia teknologia burujabetzarekin oso lotua dagoela ulertzen dugu; burujabeago izatea ahalbidetzen diguten teknologiek euskara txertatzeko edo euskarara itzultzeko ematen dituzten erraztasunak kontuan hartuta. Horregatik pasa den azaroaren 25ean, Euskaraldiaren lehen astean, teknologia burujabetza hizpide duen ‘Hodeia ez da existitzen’ podcast kanala aurkeztu eta Baleafunk.eus instantzia librea ireki genuen.

Horretaz gain, honako ekintza hauek ere martxan jarri edo mantendu ditugu:

  • Iametzako kideon e-postetako sinaduratan Ahobizi txapa gehitu dugu.
  • Bilera telematikoak egiterako garaian ahal dugun neurrian, Jitsi.eus lehenesten jarraituko dugu, besteak beste euskaratua dagoelako.
  • Bilera telematiko bat gure lan-taldekoa ez den norbaiti proposatzen diogunean, Jitsi.eus-eko helbidea bidaltzen diogun e-postan bertan, bilera horretarako kontuan izateko hizkuntza jarraibideak zehazten dituen irudi bat bidaltzen diogu.

Bertan, bilera edota hizketaldietan kontuan izateko hurrengo hauek definitu ditugu:

  • Taldeko kide guztiak ahobizi garenez, lehenengo hitza euskaraz egingo dizugu.
  • Belarriprest bazara, elkarrizketa elebiduna izango dugu.
  • Ulertzen ez badidazu, ahal dugunera arte euskaraz egingo dugu.

Hemen ikus dezakezue, bilera telematikorako hizkuntza jarraibideak zehazten dituen irudia.

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan.

Aurreko bidalketa
‘Hodeia ez da existitzen’ podcast kanala aurkeztu dugu
Hurrengo bidalketa
2020ak utzi dizkigun sustraiak…