Usurbilgo Udalarentzat Emakumeak eta zaintza irudia garatu dugu, Artzeren oinarrietatik abiatuta

Urte amaieran eta martxoaren 8a jomugan izanik, emakumeak eta zaintza lanen desorekaren ideiari bueltaka aritu ginen Antza Komunikazio Grafikoa S.A.L-rekin batera lantzen ditugun komunikazio integraleko saioetan. Hortik abiatuta beste behin ere Joxan Artzeren pentsamendura hurbildu ginen. Duela urtebete Iametzaren marka eta lelo berria Artzeren olerkian inspiraturik sortu genuen baita ere. Emakumeak eta zaintzaren ideia Usurbilgo Udalari aurkeztu genion (Artzeren jaioterria). Udalak euren asmo estrategikoekin bat egiten zuela ikusirik, irudia erabiltzea erabaki zuen eta gu pozik, barne mailan landutako ideia batek argia ikusi duelako.

Joxan Artzeren lanalanalana oinarri

Joxan Artzeren ‘Isturitzetik Tolosan barru’ liburuko poema zati bat.

 

Irudiaren ideia Joxan Artzeren lanalanalana bezala ezagun den poesian oinarritua dago. Artzeren lan horren esanahia honela deskribatu zigun artistaren heriotza zela-eta, Argiako kazetari Gorka Bereziartuak erreportaje batean:

Bertan makinaria industriala bezala agertzen da ‘lana’ hitza behin eta berriz errepikatua, tarteka ‘gizona’ hitzak lekurik ba ote duen galdetuz (orduan ‘gizona’ hitza ‘pertsona’ hitzaren sinonimo gisa erabiltzen zen), makinaren monotoniak zanpatu aurretik.

Ideia hori oinarri hartuta, genero desoreka eta zaintza lanen desorekarekin lotu dugu guk, Artzek egin ohi zuen modura, hitzen itxura bisualarekin ere jokatuz (hitzek etxe baten forma hartzen dute).

Mezuaren gakoak

Planteatutako irudiaren baitan honako mezuak barne hartu nahi izan dira:

  • Zaintza lanak gizarte jasangarri bat lortzeko bidean oinarrizkoak eta funtsezkoak dira, bizitza erdigunera ekartzeko.
  • Gertatzen dena da zaintza lan horietako asko oraindik gaur egun ikusezinak direla eta lan horien pisu handiena emakumeen esku geratzen dela.
  • Besteak zaintzea ez da soilik garbigailua jarri, plantxa egin, arropak tolestu edo janaria prestatzea. Zaintza lanak ere badira haurraren arazo emozionalen aurrean babesa eskaintzea, guraso helduaren bakardadea arintzea… Hau da, emozionalagoak diren zaintza zereginak eta horiek gehienetan emakumeek betetzen dituzte eta ia ikusezinak dira.
  • Desoreka honek ordea, emakumearen askatasuna mugatzea dakar, eremu sozialean, kulturalean, politikoan edo ekonomikoan bete dezakeen papera mugatzea. Artzek irudikatzen zuen modura, pertsona bezala, bere espazio gabe geratzen den gizakia bihurtzen da konturatu gabe emakumea, monotoniak, etxeak eta zaintzak harrapatua.

Iametza eta Joxan Artze

Poesiaz gain, etengabeko bilaketa eta berrikuntza dira Joxan Artzeren bereizgarri nagusienak, tradizioa eta lurraldearen errotzea ahaztu gabe. Iametzan eta oro har Ametzagaiña talde osoan etengabe hori bilatzen saiatzen ari gara, gure proiektuak eta ibilbide osoa planteatzerako garaian, berrikuntza oinarri daukagu etengabe, gure jatorriari eutsiz. Horregatik oso identifikatua sentitzen dugu geure burua Artzeren ondarearekin.

Aurreko bidalketa
Seber Altube ikastolarentzat webgune berria garatu dugu
Hurrengo bidalketa
Mary Allen Wilkes: informatika eta telelanaren aitzindaria