Egunero euskaraz modu ludiko eta entretenigarrian trebatzeko, dosi edo pilula txikiak eskaintzeko helburuarekin abiatu genuen Dosika proiektua. Proiektuarekiko atxikimendua lortuko lukeen elementuen bila, eguneroko pertsonaia ezkutua asmatzeko jokoa bururatu zitzaigun. Hau da, jokoa hasitakoan, eguneko pertsonaiaren irudi difuminatua ikusiko du jokalariak, eta bere lehenengo saiakeran jokalariak izen bat idatziko du. Idatzitakoak eta eguneko pertsonaiak dituzten berdintasunak eta desberdintasunak agertuko dira ondoren pantailan: adina, probintzia, euskaraz dakien edo ez, sexua eta lanbidea.
Jokalariak 5 aukera ditu pertsonai ezkutua asmatzeko. Bosgarren aukera horretan asmatzen ez badu, eguneko pertsonaiaren irudia enfokatuko da eta bere fitxa eta datuak agertuko dira.
Modu honetara, batetik jokalariak egunero pertsonaia bati erlazionatutako testu labur bat euskaraz irakurtzeko aukera izango du eta horren ostean euskarazko mini jolas edo ariketak egitea proposatuko zaio, ortografia eta Euskal Herriko lekuen izenak lantzeko, bereziki.
Horretaz gain, euskaraz trebatzeko bestelako ariketa proposamenak ere jasotzen ditu webguneak, ‘Euskara landu jolasen bidez’ atalean:
- Ortografia
- Leku-izenak
- Deklinabidea
Eduki horiek IKA euskaltegiaren laguntzarekin garatu ditugu.
Dosika egitasmoak helburu desberdinak bete nahi ditu:
- Gazteei euskaraz modu ludikoan trebatzeko eguneroko erronka, jokoa edo ariketak ematea, euskara modu dibertigarrian ere landu daitekeela erakutsiz.
- Gazteen denbora librearen zatitxo txiki bat euskaraz izateko eguneroko baliabideak eskaintzea.
- Euskara ere erronka gai izan daitekeela erakustea.
- Euskararekin edo euskaraz jolasteko helburua duen euskal komunitatea osatzea.
Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazio eta Komunikazio Teknologien bidez euskaraz sortzen diren eta euskaraz soilik hedatzeko egiten diren proiektuetarako diru-laguntzaren eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskalgintza diru-laguntzaren bidez gauzatu da.