APP deskargagarria edo Web Progresiboa?

Behin baino gehiagotan bezeroekin gai honi buruz hitz egitea egokitzen zaigu. Bezeroek sarritan APP bat egiteko eskatzen digute. Horrek esan nahi du Google Play eta APP Store-tik deskargatu nahi duten aplikazio bat irudikatzen dutela eta garapenaren ikuspegitik APP natiboa nahi dutela. Baina bezeroei beti erantzuten dieguna gauza bera da. Zer egin behar du aplikazio horrek? Zertarako nahi duzu APP hori?

Garrantzitsuena bezeroak nahi duen hori ulertzea da eta bere helburua modu desberdinetara lor daitekeenez, gure zeregina da kasu bakoitzean egokiena den bidea aukeratzen laguntzea.

Iametza duela 10 urte hasi zen APPak garatzen. Une hartan APPen eztanda aroa bizi genuen. Berdin zuen zertarako, helburua beti zen Google Play eta APP Store-tik deskargatuko zen aplikazio bat egitea.

APPen erabilera tasak denbora aurrera joan ahala gutxitzen dira

Esperientziak ordea, erakutsi digu gero eta lehia gehiago dagoela eta gero eta zailagoa dela zure APParekiko fideltasuna lortzea. Izan ere, milioika APP daude erabiltzaileen eskura; batez beste pertsona bakoitzak bere mugikorrean 80 APP ditu instalatuta.

Iturria: https://kingofapp.com

Hain lehiakorra den testuinguru horretan ordea, oso zaila da erabiltzaileak zure APPa erabiltzeko ohitura denboran zehar mantentzea. Datuek erakusten dute behin aplikazioa instalatuta, erabiltzaileen %71k interesa galtzen duela eta 90 egun geroago aplikazio hori erabiltzeari uzten diotela edo desinstalatzen dutela (tasa horri ingelesez Average Churn deitzen zaio). Era berean, beheko grafikoan ikusten da nola atxikitze tasa (Average Retention), hau da 30 egunetara aplikaziora itzultzen den erabiltzaile kopurua, denbora aurrera joan ahala jaitsiz doan.

Iturria: https://kingofapp.com

Mantentze teknikoa konplexuagoa da APP natiboen kasuan

Horretaz guztiaz gain, inbertsio ekonomikoa ere kontuan izan behar da. Batetik, APP natiboen garapenak normalean bi garapen eskatzen ditu, bata Adroid-erako eta bestea IOS-erako. Gainera, APPak Google Play eta APP Store online katalogoetan denboran zehar iraun dezan, eguneraketak behar ditu eta denda bakoitzaren baldintzak betetzea. Ondorioz, bi plataforma eta bi programazio kode mantendu behar dira teknikoki.

Urte guzti hauetako ibilbideak erakutsi digu bezeroentzat oso zaila dela azpiegitura tekniko hau bizirik mantentzea. Horregatik, Iametzak bere garapen gehienetan Web Progresiboaren aldeko apustua egitea erabaki zuen duela urte batzuk. Izan ere, kasuan-kasu aztertu behar bada ere, sarritan Web Progresiboak asetzen ditu bezeroaren behar guztiak.

Web Progresiboen abantailak

Web Progresiboek APP natiboen itxura izan dezakete eta bai garapenean zein ondorengo mantentze teknikoan egin beharreko inbertsioa txikiagoa da. HTML, CSS eta Javascript erabiliz garatzen dira eta URL baten bidez mugikorrean sarbide zuzena sor dezake erabiltzaileak, APP bat deskargatu izan balu bezalaxe.

Gainera, denbora aurrera joan ahala, Web Progresiboen funtzionalitateak APP natiboen mailara iristen ari dira gero eta gehiago (geolokalizazio eta jakinarazpen aukerak …).

Web Progresiboen bi adibide

Iametzak zenbait Web Progresibo garatu ditu, honako hauek bi adibide dira:
• Leitzako Udalak herriko ezagutza sustatzeko sortutako galdera-erantzunen jokoa.
• Lasarte-Oriako Udalaren enkarguz egindako Antonio Merceroren Museo Birtuala.

Bi kasuetan funtzionamendua berdina da. Urratsez-urrats azalduko dugu instalazio logika.

1. Zure mugikorreko nabigatzailea erabilita, sartu dagokion URL helbidera eta itxoin pixkat, goiko barran instalatzeko mezua agertu arte.

2. ‘Instalatu’ aukerari eman ondoren, segundo batzuk itxoin eta aplikazioa automatikoki instalatzen hasiko da.

3. Zure mugikorrean sarbide zuzena sortu duela egiaztatu.

 

Hemendik aurrera Google Play edo APP Store-tik deskargatutako APP baten modura erabili ahal izango duzu.

Aurreko bidalketa
Eingule kanpaina koordinatu dugu Bermeoko Udalarentzat
Menua