Iametzan urteak daramatzagu software librearen erabilera baliatuz merkatuan edo gizartean dauden beharrak euskaraz eta teknologia berrien bidez erantzuteko ahaleginak egiten. Lan ildo horri jarraituz, 2023an Mailtrain, e-mail marketing-erako software libre eta burujabea euskaratu dugu.
Mailtrain e-posta bidalketak egitea ahalbidetzen duen software librea da, norberaren zerbitzarian instalatzeko aukera ematen duena, datuen pribatutasuna zainduz. Mailing-ak egiteko erabiltzen diren aplikazio erabilienak SendInBlue, MailRelay eta Mailchimp dira. Baina mailing bidalketa batean e-posta helbideak kudeatzen dira eta informazio konfidentzial hori hirugarrenen esku uzten ari gara plataforma horiek erabilita. Hori saihesteko alternatiba bat Mailtrain da.
Mailtrain softwarearen euskarazko itzulpena garapen nagusian integratuta egoteko onarpenaren zain gaude, baina bitartean nahi duenak iametzak garatutako kopia instalatu dezake esteka honen bitartez: https://github.com/iametza/mailtrain/tree/eu
E-posta bidezko bidalketak marketin digitaleko baliabide erabilia
Marketinaren eremuan, e-posta bidalketak egitea oso ohikoa da, informazioa publiko zabalari helarazteko, bezeroak fidelizatzeko edo salmenta zereginetarako.
E-postak jarraitzen du izaten marketin alorrean errendimendu hobea eskaintzen duen kanala, hori dela eta enpresen %87ak e-posta erabiltzen du bere bezeroei informazioa helarazteko. 2022ko Litmus azterketaren arabera, inkestatutako marketin profesionalen %36,7k esan zuten email marketineko inbertsioa handituko zutela, nahiz eta orokorrean marketineko inbertsioa txikitu. Horregatik, enpresentzat eta erakundeentzat oso bitarteko baliagarriak dira e-posta bidezko bidalketak egitea eta neurtzea ahalbidetzen duten softwareak.
Deskargatu Euskarabilduako 12. edizioan Mailtrain softwareari buruz egin genuen aurkezpena hemen