Hilabete konfinamenduan: telelana egiteko sasi-gomendioak (beste behin)

Hilabete daramagu etxean sartuta. Inguratzen gaituzten lau paretak gure azalaren kanpo hedapen bat bezala irudikatu ditzakegu jada. Egutegitik egunok ahalik eta azkarren igaro daitezen bizkotxoak eta ogia egiten ikasten ari gara, seme-alabekin bazterrak margotzen, pisukideekin film nahiz serieak ikusten, yoga zein etxean egiteko modukoak diren kirol ariketak praktikatzen eta beste hainbat enparau egiten gabiltza. Aldiz, dena ez da aisialdia egunotan: jende asko etxetik ari da lanean; primizia moduan batzuek, ohiturari jarraituz beste zenbaitzuk. Honezkero lanerako txokoa prestatua izango duzue, baina beti dago haizeak nondik jotzen duen ohartzen ez den gizabanakoren bat. Horientzako prestatu dugu gaurko artikulua.

30 egun etxean. Aste Santua eta San Jose eguneko jai egunei asteburuak batuz gero, 16-17 egun daramatzagu telelana praktikatzen (askorentzat jarduna ez ezik, hitza ere berria izan da). Telebistan entzungo zenuten, baita sare sozialetan ere zein garrantzitsua den etxean bulegoko edo lantokian izan ohi dugun “txokoa” sortzea: produktibitatea hobetzen omen du, lanari espazio propioa ematean gainontzeko orduetatik bereizi ditzakegu kontratuko 8 orduak eta errutina bat jarraitzeko aproposa dela diote adituek. Hona etxean lanerako txokoa sortzeko gomendio batzuk:

  • Mantendu ohiko ordutegia

Lanera joaten zineneko ordutegia mantendu, beti ere etxeko egoerak baldintzatzen badu. Ezin baduzu ordutegi bera jarraitu, saiatu zure lan egunaren hasiera eta amaiera orduak zehazten. Komeni da lan antolamendu jakin bat mantentzea, eta astea amaitu bitarte horri eustea. Lana goizez egingo dugula erabaki ezkero, eutsi horri eta ez aldatu oso sarri lanorduen garaia.

  • Pribatutasuna bilatu

Ahal dela, itxi lanerako prestatu duzun gelako atea. Bakardadeak kontzentratzen lagunduko dizu. Espazio itxi bat sortzea ezinezkoa bazaizue (umeak dituzuelako, pisukidea uste baino astunagoa delako), mugatu pribatutasuna bilerak egiteko eta jarri atearen kanpoaldean ohar informatibo bat. Garrantzitsua da etxekoei bizi dugun egoeraren berri ematea eta hartu behar ditugun hainbat erabaki berriak direla azaltzea.

  • Hartu atsedena

Iametzatarrok goizero elkarrekin kafea hartzeko ohitura dugu. Elkar hobeto ezagutzeko balio du ordu erdiak, baita eguna planifikatu nahiz atsedena hartzeko ere. Zaila izango da lankideekin kafea hartzearen ohiturari eustea agian, baina jarraitu zuretzako denbora hartzen; kafea hartzea ez ezik, ariketa fisikoa egiteko balio dezakezu.

  • Kontzentrazioa

Zailagoa da etxe zuloan kontzentratzea, inork gutxik jarriko du zalantzan. Gure diziplina “gogortu” egin beharko dugu, eta gure buruari arreta gehiago eskatu. Hori bai, ez da komeni iparra galtzea. Lan karga askoren sentsazioa, estresa edo saturazioa sentitzen hasi ezkero, heldu hirugarren puntuko jarraibideei.

  • Txukuna izan

Askorentzat zaila den arren, lanerako prestatu dugun mahaia garbi eta txukun mantentzeak lanerako nagia kenduko eta motibazioa indartuko digu; edozeinentzat atseginagoa da lanerako espazio goxo batean egotea, jogurt potoz, paper multzoez eta taparik gabeko boligrafoz betetako mahai batean jardutea baino. Aholku bat: lana amaitzean, ordenagailu eramangarria eduki ezkero, gorde armairu batean, eta pasa lanerako erabilitako lekua trapu batekin, ahal dela, egunero. Garbitasunak eroso sentiarazten gaitu eta kontzentrazioan laguntzen du.

  • Bideo-deiak: pijama ez da arropa egokia

Ohikoa izaten da etxean pijamarekin egotea. Bizitzen egoera, aldiz, ez da ohikoa, beraz ez ginateke betiko ankerkerietan erori beharko. Jantzi etxean egoteko arropa erosoa, baina saihestu jende aurrean erakutsiko ez zenukeen guztia (Duela 10 urteko X produkturen kamiseta, adibidez). Bideo-dei ugari ari gara egiten, eta bulegora joateko arropa aukeratzen zenuen gisa, etxean egoteko ere osatu zure look-ak.

  • Lankideak zaindu

Jada egunero elkar ikusten ez bazarete ere, lankideak izaten jarraitzen duzue eta garrantzitsua da bulegoko giroa urruntze egoerotan ere ahal den heinean gauzatzea: laneko gaiak albo batera utzita, zer moduz dauden galdetu, etxekoan ondo dauden ala ez, zein den euren hobby berria… Funtsean, zaindu taldea!

  • Osatu asteko plangintza

Osatu astean zehar egin behar dituzun zereginen, eta banatu egun ezberdinetan. Plangintza egitea bezain garrantzitsua da ea helburuak bete diren ziurtatzea. Hartu aste amaieran zerrenda errepasatzeko tarte bat. Beharrezkoa balitz, hasi hurrengo astekoa finkatzen, baina, oro har, komenigarriagoa da astez aste joatea.

Aurreko bidalketa
Nextcloud bezalako soluzio libreen garrantzia Koronabirusaren garaian
Hurrengo bidalketa
Konfinamendua herrigintzarako, auzolanerako balia dezagun!