Konfinamendua herrigintzarako, auzolanerako balia dezagun!

Dagoeneko aspertuta egongo zarete Yoga, Pilates, Zumba, bertso saio interaktiboak, kontzertu akustikoak eta gozogintza errezeta proposamenez. Batez ere, nekatuta etxean egoteko agindu diguten honetan zer edo zer probetxuzkoa egin behar dugula sinestarazi eta komuneko paperaren tutuluarekin jolasean orduak pasa dituzulako. Sare sozialetan bolo-bolo dabiltza etxean aspertu barik egoteko proposamenen zerrendak eta aldi berean sormenari bide emateko aspertzea ona dela dela argudiatzen hainbat artikulu.

Iametzak ere zerrenda horretan egon nahi izan du eta horregatik norberarentzako ez ezik herria egiteko, sarean ere euskarari tokia egiteko, teknologia burujabeari hauspoa emateko proposamena luzatu nahi dizuegu, ustez etxean aspertuta edo zeregin handiegirik gabe zaudeten guztioi, beraz adi jarraian datorren azalpenari.

Gero eta ohikoagoa da makinekin elkar eragiteko ahotsa erabiltzea eta horretarako hainbat sistema daude: Google Assistant, Apple Siri, Microsoft Cortana, Amazon Alexa… Baina ahots laguntzaile komertzial horiek hainbat arazo dituzte:

  • Hizkuntza zabalduenetan bakarrik erabil daitezke. Atzean dituzten enpresa handiek etekin ekonomikoei soilik begiratzen diete eta hizkuntza txikiak ez dira bideragarriak haientzat. Alternatibarik sortu ezean euskaldunok erdaraz mintzatu beharko diegu telebista, sakelako telefono eta bestelako gailuei. Berdin gertatuko zaie beste hizkuntza txikien ehunka milioi pertsonei ere mundu osoan.

  • Ez dute ahots aniztasuna kontutan hartzen. Hizkuntza nagusi bat hitz egiteak ez du ziurtatzen gailuak zure ahotsa ulertuko duenik. Azentuarekin hitz egiten baduzu edo emakumezkoa bazara zailtasun gehiago izango dituzu, historikoki motor horiek entrenatzeko erabili diren ahots gehienak klase ertaineko gizon zurienak izan baitira.

  • Gure ahotsen grabazioak zerbitzarira bidaltzen dituzte eta kasu batzuetan pertsonek entzuten dituzte. Pribatutasun aldetik amesgaizto bat dira. “Gure borondatez” etxean edo patrikan sartu ditugun espioiak dira. Jabedun softwarea direnez erabiltzaileok ezin dugu jakin gure ahots grabazioekin gailuan zer egiten den eta ez daukagu zerbitzarian gertatzen denaren gaineko inongo kontrolik.

Baina lasai… euskarak arnas hartzen jarraitzeko alternatiba egon badago eta horietako bat da Common Voice. Common Voice ahotsaren ezagutza teknologia hobeak eta guztientzat irisgarriak sortzeko helburua duen Mozilla Fundazioaren ekimen bat da.

Ahots laguntzaile komertzialekin alderatuz hainbat abantaila ditu:

  • Ahalik eta hizkuntza gehienetan egongo da erabilgarri, potentzialki edozein hizkuntzatan. 52 hizkuntza ari dira ahots grabaketak egiten dagoeneko eta beste 70 gehiago horretarako prestaketak egiten. Teknologiari gure ama hizkuntzan hitz egiteko aukera emango digu euskaldunoi eta gurea bezalako munduko beste hainbat hizkuntza komunitateri.

  • Ahots mota guztiak hartu nahi ditu kontuan. Horregatik euskarazko ahots errekonozimendua entrenatzeko ahalik eta ahots anitzenak nahi ditugu: emakumeak eta gizonezkoak, adin guztietakoak, euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak, Euskal Herriko txoko guztietakoak…

  • Pribatutasunari lehentasuna emango dio, gure ahotsa ez du inora bidaliko. Ahots prozesamendua gailuan bertan egingo da. Gure ahotsa ez da inora bidalia, aztertua edo monitorizatua izango. Software libreko proiektuek teknologia beste modu batean sortu daitekeela erakusten dute, herritarren beharrak eta eskubideak helburu bezala jarriz.

Baina zer egin genezake guk norbere etxetik ekimen honi bultzada emateko?

Iametzak apirilaren 28tik 30era proposatutako auzolanean parte hartzea oso erraza da, ez dago ezer instalatu beharrik, nahikoa da mugikor edo ordenagailuko nabigatzaile batean https://voice.mozilla.org/eu webgunea irekitzea. Bertan 2 zeregin daudela ikusiko duzu:

  • Hitz egin atalean, ahots grabazioak egin ditzakezu. Horretarako, nahikoa da agertzen zaizkizun esaldiak ozen irakurtzea. Bosteko sorta bat osatzean grabazioak berrikusi eta sakatu Bidali botoia.
  • Entzun atalean, besteek egindako grabazioak balioztatzen lagundu dezakezu. Grabazioa entzun eta esandakoa testuarekin bat badator sakatu Bai botoia, bestela sakatu Ez botoia.

Aukera ederra daukagun etxetik euskarari ekarpena egiteko, animatu eta parte hartu!

Aurreko bidalketa
Hilabete konfinamenduan: telelana egiteko sasi-gomendioak (beste behin)
Hurrengo bidalketa
Irratiaren balioa konfinamendu garaiotan