iametzaren lehen Web Aplikazio Progresiboa: deklinabidea.ikaeuskaltegiak.eus

Aipatutako artikulua idatzi nuen garaian ez nekien deskribatzen ari nintzenari Web Aplikazio Progresibo deitzen zitzaionik. Izen hori Google-eko Alex Russel garatzaileak erabili zuen lehen aldiz nik artikulua idatzi baino hilabete gutxi batzuk lehenago. Geroztik oso modan jartzen ari den kontzeptu bat da, ikusi besterik ez dago "Progressive Web App" Google-n zenbat aldiz bilatu den adierazten duen Google Trends-eko grafikoa:

Aipatutako artikuluan PWAen ezaugarrien deskribapen zabala egin nuen. Labur esateko webeko azken teknologiak erabiliz mugikorretako aplikazioen mailako funtzionalitatea eskaintzen duten web aplikazioak dira PWAk. Orain arte soilik aplikazioen esku zeuden ezaugarriak izan ditzakete orain web aplikazioek: instalatzeko aukera, splash pantaila, jakinarazpenak, orientazioa zehazteko aukera, offline funtzionalitatea… Asko dira PWAen aldeko apustua egiten ari direnak: Twitter, Telegram, Financial Times

Azalpen labur hori egin ondoren IKA euskaltegientzat garatutako deklinabidea lantzeko aplikazioari buruz hitz egingo dut. IKArentzat Android eta iOSerako hainbat aplikazio argitaratu ditugu orain arte baina hau da PWA moduan erabilgarri jartzen dugun lehena.

Euskarazko deklinabidea ikasten ari bazara, aplikazio egokia duzu hau. Funtzionalitate hauek eskaintzen ditu:

  • Deklinatzaile automatikoa: hitz bat eman eta deklinatu egiten du automatikoki.
  • Deklinatzaileak ezagutzen ez dituen hitzak proposatzeko aukera.
  • Deklinabidea lantzeko ariketak.
  • Izen arrunt eta berezien deklinabide taulak erreferentzia bezala.

Deklinatzaile automatikoa edozein hitz deklina dezake. Hitzaren erroa atera eta ze motatako den (izen berezia, pertsona izena, leku izena…) identifikatu ondoren dagokion deklinabidea aplikatu eta bistaratzen du. Ezagutzen ez duen hitz bat aurkituz gero gehitzeko eskatu daiteke.

Garapenean ionic 2 framework-a erabili dugu. Hasiera batean aplikazio hibridoen garapenera zuzendua bazegoen ere, 2016ko irailetik aurrera PWAen garapenerako euskarria eskaintzen hasi zen. 2 bertsioa Angular 2n oinarrituta dago eta berrikuntza ugari dakartza: TypeScript eta Sass modu lehenetsian erabiltzea, ionic native… Orokorrean esperientzia atsegina izan da baina kritika bat egitekotan konpilatzean sortzen den js fitxategiaren tamaina da. Minifikatu eta itsusitu (uglify) ondoren 1.4 MB pisatzen ditu, aplikazioen hibridoetan hori ez da arazoa baina PWAetarako gehitxo iruditzen zait. ionic-en blogean PWAetarako egokitzapena hobetzeko asmoa dutela irakurri dut. Hala ere, web aplikazioak auditatzeko Lighthouse tresnan 79 / 100 92 / 100 puntuazioa lortu du gure aplikazioak, ez dago gaizki.

Android mugikor edo tablet batean deklinabidea.ikaeuskaltegiak.eus helbidera behin baino gehiagotan sartuz gero aplikazioa instalatu nahi den galdetzen duen mezua agertzen da (momentuz Chrome-en bakarrik). Zehazki esateko, gutxienez 2 aldiz bistaratu behar da web aplikazioa eta bistaratzeen artean gutxienez 5 minutuko tartea egon behar du. Erabiltzaileak interesa agertzeaz gain, PWA gisa identifikatzen duten baldintza tekniko batzuk bete behar ditu webguneak horrelako mezua agertzeko: HTTPS bidez zerbitzatua izatea, manifestu fitxategia edukitzea eta zerbitzu langilea erregistratzea.

Instalatuz gero zuen gailuaren hasierako pantailan agertuko zaizue aplikazio bat balitz bezala eta klikatzen baduzue kargatu bitartean splash pantaila bat bistaratuko da eta hortik aurrera aplikazio arrunt baten antzeko portaera izango du.

Web aplikazioa instalatutakoan, hasierako pantailan bakarrik agertzen da ikonoa momentuz, ez da agertzen instalatutako aplikazioen zerrendan. Baina hori ere aldatzera doa, aplikazio natiboen eta web aplikazioen arteko muga are gehiago lausotuz. Androidek etorkizun hurbilean ez du desberdintasunik egingo aplikazio arrunten eta Web Aplikazio Progresiboen artean eta guztiak modu berean bistaratuko ditu.

Nahiago duenak Android-eko Play Store-tik deskarga dezake aplikazioa.

Lortu Google Play dendan

 

.cc-by-sa-lizentzia-oina {
width: 85%;
background-color: #ccc;
padding: 5px 20px;
max-width: 800px;
margin: 0 auto;
}
.cc-by-sa-lizentzia-oina p a {
color: #333;
}
.cc-by-sa-lizentzia-oina p a:hover,
.cc-by-sa-lizentzia-oina p a:focus {
color:#999;
text-decoration:none;
}

Creative Commons Lizentzia

Artikulu honek Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia dauka. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, nire egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

Aurreko bidalketa
Nire alabek STEAM neskak izateko aukera izan dezatela nahi dut
Hurrengo bidalketa
Gure CKEditor HTML5 audio plugina txinerara itzuli dute