Interneteko kulturan, memea umorezko mezu sinplea da, zabalkuntza handi eta azkarrekoa eta gehienetan jatorrizko irudi, bideo edo testu baten remix satirikoa behin eta berriz eginez transmititzen dena. Gazteentzat memeak komunikazio bitarteko eta elementu bat dira eta bereziki sare sozialen eta mezularitza programen bidez partekatzen dituzte, euren sentimenduak adierazteko, egoera bat azaltzeko edo besterik gabe lagunekin dibertitzeko.
Sortu zenetik, iametzak euskarazko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiekin (IKT) erlazionatutako hainbat produktu garatu izan ditu. Kasu honetan, nerabeei begira eta IKTak baliatuz euskararen erabilera areagotzeko proiektua da Memeka.
www.memeka.eus webgunean erabiltzaileak memeak egin ahal izateko irudi garbiak eskuratu ahal izango ditu eta bertan nahi duen testua txertatu. Letra tipoaren kolorea eta mota pertsonalizatzeko aukera izango du ere eta irudiaren gainean erabiltzeko eranskailu (sticker) ezagunak. Erabiltzaileak memea argitaratzen badu, Memeka webguneko katalogo orokorrean kontsultatu eta erabili ahal izango dute gainerako erabiltzaileek.
Proiektu honen bidez iametzak nerabeen artean hainbeste elkartrukatzen diren memeak sortzeko, aurkitzeko eta zabaltzeko gune bat garatu du gazteek euskara modu ludikoan erabili dezaten bitarteko aproposa dela ikusi duelako.