Adimen artifiziala, Big Data, errealitate areagotua… Etengabe entzuten ditudan kontzeptuak dira, datorren errealitatearen iragarleak. Errealitate horrek esku lana murriztuko du eta ondorioz lanpostu bat eskuratu nahi dugun gizakiok beste balio erantsi bat eman beharko diogu gure lanari; kualifikazio maila handitu beharko da, eskuduntza zientifiko-teknologikoagoak barneratu beharko ditugu, ikasteko grina sustatu beharko da, ez baita nahikoa gaur arte dakidanarekin aurrera jarraitu eta gizarteari ekarpena egiteko. Baina iragarpenek diotenez, hurrengo 10 urtetan ez da izango merkatuak eskatuko dituen lanpostuak betetzeko adina profesional. Horri genero ikuspegia gehitzen badiogu, arazoa larriagoa da. Gaur egun IKT alorrean mundu mailan emakumeen presentzia ez da %30era iristen (iturria: World Economic Forum).
Astelehenean PuntuEus Fundazioak antolatuta, 'Non dago emakumea ingurune digitalean?' izenburuko mahai-inguruan parte hartu nuen, Lore Martinez Axpe (@loreAbarik), Edurne Larraza (@elur_larraza) eta Lorea Argaraterekin (@loreaargarate) batera (bideoa Youtuben). Bertan, aipatu egoeraren zergatiei eta balizko konponbideei buruz aritu ginen, besteak beste. Arrazoia ez da bakarra eta arazoa haurrentzako jostailuak aukeratzen ditugun unetik sortzen da: Legoak mutilentzat eta panpinak neskentzat edo beste modu batera esanda, gaitasun espazialak eta sorkuntza mutilentzat eta zainketa eta komunikazio trebetasunak neskentzat.
Gainera, oraindik orain eta nahiz eta ahaleginak egiten diren, hezkuntza sistema kurrikularrean ezagutza kaxa bereizietan aurreikusten da: Matematika, Literatura, Euskara, Ingelesa… Nafarroan esaterako, badakit sekuentzia didaktikoekin lanean ari direla; ezagutza proiektuka planteatuta eta proiektu bakoitzean ezagutza arlo desberdinetako arduradunek parte hartuz. Nire inguruko sistema publikoan ez dut antzerakorik ezagutzen eta are gutxiago STEAM eskuduntzak barneratzeko ahaleginik.
Etxean gure haurrek denetik dute (panpinak eta legoak, patineteak eta sokak, ordenagailuak eta liburuak, eskulanetarako materiala eta joko matematikoak…). Gure lehentasuna norbera gustura sentitzen den horretan esperimentatzeko aukera ematea da. Uste dut guraso gehienek bezala. Ez gara pedagogokoak ezta irakasleak ere; lan egiten dugu eta tamalez, nahi baino denbora gutxiago dugu haurrekin egoteko; baina gure umeen hezkuntza asko inporta zaigu eta ama, langile, tekno-afizionatu eta euskaldun bezala, tren hau ez galtzeko deia egin nahi dut. Nire alabek matematika, zientzia, teknologia, ingeniaritza edo artea gustuko badute STEAM neskak izateko aukera izan dezatela nahi nuke, kalitatezko eta doako testuinguru parte-hartzaile eta eraikitzaile batean heziz eta aberastuz, datorkien etorkizunean emakume, langile eta euskaldunak izan daitezen.