Pantaila anitzen errealitatea: Etorkizuna zein izango den asmatu nahian

Umetxo berri baten etorrerak sortzen duen zirrarak eta ilusioak bezala, egun handian, azaroaren 5ean, guztia espero bezala ateratzea nahi dugu; aukeratutako gaiak Euskal Herriko gizartearengan hausnarketa bultzatzea; hizlarien ponentziak interesekoak izatea eta giro atseginean eta eleanitzean mugitzea dugu helburu, euskarari hori bai, behar duen presentzia eta protagonismoa emanez. Urte guztian zehar lantzen ari garenak erritmo bizia hartzen du irailetik aurrera eta gure ohiko jardunaz gain, jada sektorean erreferentzia bilakatu den urteroko zita hau gero eta ilusio handiagoz prestatzen dugu.

Baina bada guzti honetan niri pertsonalki gogoeta eragiten didan zerbait. Euskarabilduarekin sekulako ahalegin intelektuala egiten dugu, etorkizuna zein izango den asmatu nahian eta aurten bereziki hori nabarmena da. Pantaila anitzen errealitatea da aurtengo gaia. Iametzan garbi dugu hori errealitate ukigarria dela eta komunikazio eta marketin planteamenduek errealitate hori gero eta gehiago kontuan izan beharko dutela, baina merkatua tamalez ez doa guk nahiko genukeen abiaduran ezta politika instituzionalak ere eta gaur egun ikusten ari garen hori hemendik lau edo bost urtetara zer izango den ez dakigu. Horregatik hainbat galdera sortzen zaizkigu:

  • Second screen kontzeptua ugalduko den zerbait izango al da?
  • Erabiltzaileek gailu mugikorra eta telebistaren arteko interakzioa ohiko aktibitate gisa erabiliko al dute gure inguruan?
  • Telebistaren joerak berrikuntza teknologikoa bizkortuko du edo atzeratuko du?
  • Zein izango da merkatu honetan negozio eredua? Nola lortuko da egindako inbertsioen errentagarritasuna?

Galdera gehiegi 'iluminatuak' ez garenontzat. Euskarabildua jardunaldietan seguru gai hauen inguruan hausnarketa sortuko dela, baina seguraski erabateko erantzunak topatzea ezinezkoa da. Hala ere, ARGIAko azken zenbakian argitaratutako erreportajean esaten dudan moduan, "helmuga zein den zehazki jakin gabe, gauzak probatzea eta egitea da herri bezala aurrera egiteko dugun modu bakarra. Esperimentu batek bestera eramaten gaitu eta tartean jakintzaz betetzen gara. Beste batzuk azkarragoak direla? Inguruari erreparatuz lasterka egiteak ere badu bere balioa, baina egin kontu, modu isolatuan ezin dugu aritu eta eskertzekoa litzateke norbaitek lasterketa horretan tarteka edatekoa emateko zeregina balu". Norberak pentsa dezala zein izen jartzen dion 'Norbait' horri eta 'Edatekoa'ren zaporea eta osaketa zein izatea nahi duen.

Aurreko bidalketa
Beste salmenta era
Hurrengo bidalketa
Nola identifikatzen ditu audioak Shazam-ek?