Tokiko merkataritzan euskara sustatzeko kanpaina

Tokiko merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko Eusko Jaurlaritzak martxan jarri duen kanpaina zuzendu dugu Iametzan: Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz. Kanpainaren helburuak finkatzen laguntzeaz gain, mezua, estetika eta Udal eta eragile ezberdinen arteko koordinazioa egin dugu.

“Betikoa” eskatzea konfiantza sortzeko bide den bezala, norbera bere hizkuntzan artatua izatea ere konfiantza hori sortzeko bidea dela abiapuntu hartuta, kontsumitzaileei zuzendutako kontzientzio kanpaina da, euskaraz eskatu dezaten.

Kanpainaren ardatza euskaraz eskatzearen eta tokiko merkatariek sortzen duten konfiantza lotzea izan da. Horretarako spot zentral bat diseinatu genuen herrietako erosle eta merkatari sare anitza islatzeko helburuarekin. Izan ere, euskal herrietako merkatarien irudi gaurkotu bat eskaintzea berebizikoa dela uste dugu, euskararen aniztasuna euskararen aberastasuna delako.

Spotaren zuzendaritza eta errealizazioa Arriguri ekoiztetxeak egin du ekipo ezin hobeaz inguratuta. Hasierako idea garatu eta hobetzen lagundu digute, aktoreen eta animazioaren bitartez Euskal Herriko edozein herri irudikatzea lortuz. Euskarari lotutako ohiko kanpainetatik harago joan nahi izan dugu, iruditeria berri eta fresko bat eskainiz, eta aldi berean etxekoa, gertukoa, sentituz.

Spotaren zabalkundea sare sozialetan egin den kanpaina digital batekin osatu da. Horretarako, tokiko merkataritza eta ostalaritzako adierazle handienak diren konfiantza eta gertuko harremana islatzen duten bizipenak webgune batean jaso ditugu eta sareetan zabaldu.

Etorkizunean bide honetatik jarraitzeko estrategia bateraturako oinarriak aurkitu nahi izan ditu Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, aurtengo kanpainaren lanketa Donostiako Udala, Gasteizko Udala, Bilboko Udala eta Oarsoaldeko Garapen Agentziarekin egin da. Aurrera begira, EAEko udal gehiagorekin lanketa abiatzea da helburua.

 

Betikoa. Gertukoa.

Gure herrietako komertzioetan konfiantzaren adierazle handiena da “betikoa” eskatzea. Ezagutzen dugu dendaria, produktua. Eta dendariak ezagutzen gaitu gu ere, zer nahi dugun, zer behar dugun.

Konfiantza egunez egun lortzen da, alde biko konpromisoari esker. Baina bada konfiantza sortzeko bide azkarrago eta seguruago bat: nor bere bere hizkuntzan artatua izatea.

Euskara aukeratzen dugunean konfiantza aukeratzen dugu, garena izateko aukera. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz.

 

Nola jarrraitu dezakezu kanpaina?

Instagram, Facebook eta Twitterren aurkituko gaituzu!

 

 

Aurreko bidalketa
Ostalaritza establezimenduetako kartak eta menuak QR bidez euskaraz jartzeko zerbitzua
Hurrengo bidalketa
Digitalizazioa hezkuntzan: teknologia burujabetzaren gaia hainbat ikastetxeetako zuzendariekin partekatu dugu