Irratiaren balioa konfinamendu garaiotan

Konfinamenduak pantailetara lotu gaitu. Izan telelanagatik, izan pelikula eta telesailak ikusteko, izan albistegiak telebista bidez jarraitzeko. Teknologia gehiago, edo teknologiak ahalbidetzen dizkigun tresna gehiago ari gara erabiltzen egunotan. Sare sozialak aspaldi errotu ziren gure egunerokoan, baina badira, azken hilabetean protagonismo gehiago lortu dutenak ere: Jitsi.org bezalako tresnak, besteak beste.
Halaber, komunikazio kanal tradizionalek ere tinko eusten diote Koronabirusaren krisiak eragindako informazio masiboari, eta erabiltzaileak galdu baino, handitu egin da berauen presentzia. Irratia modan dago, eta horren adierazle dira Euskal Herri osoan Covid-19aren testuinguruan sortu diren emisio libreak.
Leitzan aspalditik dute herriko irratia. 27 urte dira jada Leitzaldeko herritarrek Karrape Irratiko irratsaioaz gozatzen dutela. Konfinamendu aurreko garaian, herriko komertzio, denda eta makina etxeek goizeroko sintoniatzat zuten irratsaioa. Koronabirusak ez du irratsaioa eten, eta ohiko frekuentziaz gain, sareko leihoa ere aprobetxatzea erabaki dute. Iametzak lagundu die Leitzako Udalaren webgunean atal berri bat sortzen. Bertatik herritarrek eskurago dute herriko irratia, frekuentzia galerarik edo ondo ez entzutearen beldurrik izan gabe.
Ohiko ordutegia mantendu dute, goizeko 10:30etatik 14:00etara. Leitzaldean bakarrik ez, beste edozein txokotatik entzun daiteke Karrape Irratia aurrerantzean. Gainera, podcast bat ere sortuko da eguneko irratsaioarekin, ordutegiz kanpo non nahi entzun gura duenarentzat.

Aurreko bidalketa
Konfinamendua herrigintzarako, auzolanerako balia dezagun!
Hurrengo bidalketa
Noraino joan naiteke paseoan?