IKTak euskararen ezagutza eta ondarearen transmisioa modu ludikoan lantzeko

Teknologia bidelagun dugu gure eguneroko bizitzan, lanean, ikastetxean, unibertsitatean; ikasteko, lanerako… baina baita ere, lagunartean erabiltzeko, denbora pasatzeko, jolasteko… Teknologia izaera anitzekoa izan daiteke eta potentzialitate hori nahi ditugun helburuak lortzeko aprobetxatzen jakitea garrantzitsua da. Zergatik ez baliatu hizkuntza hobeto ezagutzeko, gure herriko hizkera balioan jartzeko, gurea den historia eta ondarea zabaltzeko…, azken finean zer garen eta nondik gatozen hobeto ulertzeko, baina modu dibertigarrian?

 

Horixe saiatu gara egiten azkenaldiak hainbat proiekturen bidez:

Mutriku goitik behera, Mutriku hobeto ezagutzen laguntzeko ‘tribiala’

Egiten ari garen azken proiektua Mutrikuko Udalak eskatuta, herriko ezagutza zabaltzeko  tribiala da. Leitzaketa proiektuaren dinamikak erakarrita, Mutrikura eraman nahi izan zuten egitasmoa.

Joko honek elementu fisikoak (tableroa, fitxak eta kubiletea) eta digitalak nahasten ditu. Izan ere, galderak, mahai-joko tradizionaletan bezala, txarteletan egon beharrean, Iametzak garatutako webgunean daude. Webgune hau laster egongo da publiko.

Lan ezberdinak egin ditugu proiektu honetan. Plataformaren web diseinua egin dugu eta horren garapena. Jokoaren tableroa gure talde-kide diren Antza-ko lagunekin elkarlanean egin dugu.

 

Leitzaketa, 1999. urtean sortu zen joko baten bertsio berritua

Mutrikuko Udalarentzat egindako proiektuaren ideia Leitzaketatik dator (leitzaketa.eus). Leitzaketa jokoa Leitza hobeto ezagutzen laguntzeko sortu zen 1999. urtean eta Leitzaketa.eus joko horren bertsio berritua, eguneratua eta digitala da.

Leitzaketa.eus -ek jolasteko aukera ezberdinak ematen ditu:

  • Batetik, plataforman login-a egin gabe partidak sortzeko aukera ematen du. Norberak bere partida sortzeko aukera dauka lagunekin partekatzeko eta, noski, sailkapena ikusteko aukera dago baita ere.
  • Bestetik, plataforman login-a egiteko aukera ematen du. Honen abantaila nagusia taldeak sortzeko aukera da. Talde horien barruan, nahi adina partida eta lehiaketa antolatu daitezke, talde horretako partaideekin partekatuko direnak.
  • Beste aukeretako bat, Leitzako Udalak herri mailan lehiaketak egiteko aukera da. Lehen lehiaketa 2021ean egin zuten eta orduz geroztik, bost bat herri lehiaketa antolatu dituzte. Adibidez, Emakumearen Egunean lehiaketa berezi bat egin zuten herri mailan eta baita Euskararen Egunean ere.
  • Azkenik, haurrentzako bereziki prestatu diren lehiaketak ere badaude.

Proiektu honetan, hainbat lanetan ibili gara: Plataformaren web diseinua egin dugu, baita webgunearen garapena ere eta jokoaren tableroa Antza -rekin batera egin dugu.

Asmazank, euskara eta ondarea modu ludikoan lantzeko tresna

Asmazank galdera-erantzunetan oinarritutako online lehiaketak egiteko tresna da. Kahoot sistema ezagunaren funtzionamenduan oinarritua dago. Aldea da Asmazank tresna euskaraz garatu dela oso-osorik.

Helburu desberdinei erantzuten dieten lehiaketak antola daitezke Asmazank-en: gai zehatz baten inguruko ezagutzak eskuratzeko, herriko hizkera eta kulturaren sustapenerako, entretenimendurako… Lehiaketa herrikoiak, eskola arteko txapelketak eta abar antola daitezke. Asmazank tresnak erabiltzailea irudimenarekin jokatzera animatzen du!

Azken urte hauetan, hainbat proiektu egin ditugu Asmazank tresnan oinarrituta:

Eingule? kanpaina Bermeon

Eingule? kanpaina hainbat elementuren gurutzaketaren emaitza izan zen: herriko euskararen ezagutza modu ludikoan lantzeko lehiaketak gazteei eta helduei zuzenduta, fikziozko dokumental bat eta sare sozialen bidez bideratutako kanpaina digitala.

Asmazank.eus plataforma oinarri hartuta, Eingule lehiaketa sortu genuen. Lehiaketei dagokionez, hiru lanketa ezberdin egin ziren kanpainan zehar:

  • Banaka jolasteko lehiaketak. Kanpainak iraun zuen bitartean, astero lehiaketa berri bat kaleratzen zen eta parte-hartzaileek online parte hartu zezaketen epemuga baten barruan.
  • Ikastetxeetan lantzeko lehiaketak. Herriko lau ikastetxeekin lanketa berezi bat egin zen lehiaketa geletara eramateko. Geletan zortzi asteko lanketa egin zen. Horretarako, bloke ezberdinak zehaztu ziren, irakasleekin formakuntzak egin ziren eta fitxa didaktikoak prestatu genituen lanketa errazteko.
  • Lehiaketa herrikoia. Kanpainari amaiera emateko, lehiaketa herrikoia antolatu zen Euskararen Egunean, lehiaketa herriko Kafe Antzokira eramanez.
Lehiaketa herrikoia Abanto-Zierbenan Euskararen Egunean

Abanto-Zierbenan ere lehiaketa herrikoia antolatu genuen Euskararen Egunean Asmazank-en oinarrituta.

Kasu honetan, egun bat hartu eta bi lehiaketa antolatu genituen. Lehenengoa, goizez, herriko ikasleei zuzenduta egon zen. Bigarrena, arratsaldez egin zen eta herritar guztiei zuzendu zitzaien gonbidapena.

Hainbat lehiaketa Oarsoaldeko Kuadrillategin

Urteak daramatzagu Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuaren komunikazioa eramaten eta urte hauetan asko izan dira gazteekin bideratu ditugun ekintzak. Horien artean, Oarsoaldeak daukan Kuadrillategi programaren barruan (12-16 urte arteko gazteei zuzenduta), Asmazank lehiaketak antolatu izan ditugu eskualdeko herrietan, gai anitzeko galdera-erantzunak prestatuta.

Ikastetxeetan lantzeko unitate didaktikoak

Prestatu dugun azkeneko unitate didaktikoa ‘elikadura osasuntsua eskolan’ izan da. Deskargatu hemen.

Gida honen helburua ikasleekin elikadura osasuntsuaren inguruan lanketa praktikoa egitea da, praktika horretatik abiatuta, ikasleek dieta osasungarriaren garrantziaz kontzientziatzeko. Izan ere, ikasleek jolas-orduetan batez ere, elikagai prozesatu eta azukredun asko jaten dituzte. Osasungarri jatea dibertigarria eta goxoa izan daiteke, eta hori erakustea izan da lan honen gakoetako bat.

Lanketa didaktiko hau Asmazank tresnarekin egindako lehiaketa batekin ixten da.

 

Aurreko bidalketa
Sendabelarrak, Haziak egitasmoaren webgune berria
Hurrengo bidalketa
Programazioa atsegin duzu eta talde euskaldun eta jator baten parte izan nahi duzu?